XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Antoine Abbadiari buruz lan interesgarria

Gillermo Etxeberria

Elhuyar aldizkariak bere 73-74 alea Antoine Abbadia jaunari eskaini dio osoki.

Ale bikaina argitara eman dutena, eta nolarebait gizon honekiko zorra hein batean ordaintzeko modu egokia.

Izenburuan esaten zaigunez Antoine Abbadia, XIX. mendeko zientzilari eta euskaltzalea da.

Zenbaitentzat ezaguna baina beste askorentzat ez.

Aldizkarian aritu diren azterlariak, ifarraldekoak ia denak, zientziari dagokion azterketa sakona osatu dute.

Ez bait zen Abadia, espezialitate bakar batean aritu, aleko sarreran esaten zaigunez: astrofisika, astronomia, fisika, geologia, geografia, antropologia, hizkuntzalaritza eta zientzia esoterikoak ere landu zituen.

Hendaiako gaztelua

Hendaian, ingurune ekologiko berezian eraikierazi zuen oraindik ere kontenplatu daitekeen gaztelua.

Famatua da bertan dagoen lente meridianoa behategi astronomikoan lantresna.

Ohore beraz, Abbadiari.

Ohore baita ere Abbadiari, Lore Jokoen lehenengo eragile eta suspertzailea izateagatik foruen suntsipena gertatu geroztik.

Dublinen jaio zen jakintsu honen aita zuberotarra zen.

Munduan zehar ikasketak eta azterketak egin ondoren, Etiopia eta Egipton, 1839. urtean Euskalerrira itzuli zen.

Chahoren laguna, garai haiek euskara eta euskal literaturarentzat onak ez zirela konturaturik Lore Jokoak sortu zituen euskal giroa ahalik eta gehien suspertzeko.

Lore Jokoen sortzailea

Lore Jokoak, festaldi bat izan ohi zen eta batikbat pilota partida, poesia edo bertso lehiaketa eta bazkaria izaten ziren festaren zutabeak.

Lehenengo Lore Jokoak, Urrugnen eta 1853. urtean ospatu zen.

Kritikoek esango digute bertara presentatutako poetak, ez zirela maila haundikoak.

Baina, jai hauen inguruan sortu zen halako euskal gogoa eta nolabaiteko berpizkundea.

Lore Jokoek ifarraldean izan zuten eragina, argi eta garbi nabaritu zen Hegoaldean ere.

Hala, 1881. urtean ospatu zen Hegoaldean gisako lehen jaialdia, Elizondon; saria Felipe Arrese Beitiak eraman zuelarik.

Ohore Abaddiari, zeinaren bidez etorri baitzen gure artera Bonaparte printzea eta bera izan bait zuen lagunik onenetarikoa euskal dialektoen azterketa ezaguna egiterakoan.

Beraz, ohore Abbadiari zientzilari bezala eta euskaltzale bezala.